XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal politikagintza marxismaren metodoarekin gidatu nahi izan zen egunetik bertatik hauzitan ikusi genuen abertzaletasuna.

E.T.A.-ren historia gazteari, zalantzez eta eztabaidez hain bustiari, trabarik lodienak zein hegitik sortu zaizkion begiratu besterik ez dago.

Euskal marxista andana batek, agian gehienek, abertzaletasuna nola planteatu duten jakin nahi bada, beharrezko dela uste dugu marxista klasikoengana itzulitxo bat egitea.

Hortara dator, etorri ere, lehen parte hau.

Parte honetan Lenin, Stalin eta III-gn. Internazionala aztertzen dira.

Hauen jarraitzaile bezela, Euskal Herrian, SAIOAK ikasle taldea eta VI-gn. ASANBLEA mugimendu politiko multzoa aipatzen dira.

Nazio edo aberriari buruzko autore hauen ikusmoldea, aurrelaburpen gisa, pundu nagusi hautara bil genezake.

Lehenengo. Gizartearen bilakakera, hau bere orokortasunean harturik, klaserik gabeko egoera batetara bideratzean datza.

Hauxe da autore hauek historiari ezartzen dioten azken helburua.

Gizartea, bere gaurko bilakakeran, xede ezberdinak dituzten klase mailetan dibiditurik bait dago, klase zapalduaren iraultzak markatu behar du historiaren norakoa.

Klase zapaldu hau langileria da.

Eta langilea mundu guztian zehar langile bait da, langileriak ez du aberririk bere zentzu hertsian.

Printzipio honek funtsatzen du marxisma klasikoaren mundu-ikuskera.

Ekintza estrategiko guztiak, beraz, langileriaren bilakatze orokor honi makurtu behar zaizkio.

Bigarren. Printzipio nagusi horren aurrean, beste gizarte arazoak (hauen artean nazio arazoa) bigarren mailako arazoak dira.

Zehatzago esanda: nazio arazoa langileriak, berari komeni zaionez erabiliko duen instrumentu bat baizik ez da.

Autore horien baitan abertzaletasuna oro berez burgesa da, historikoki burgesiarekin batera sortua delako.

Ondorio bezela, beraz, mugimendu nazional batek ez dezake bere gizarte helburu propio bat eduki ahal, abertzaletasuna berez burgesa bezela kondenatzen bait da.

Hau da nehoiz ahantz ez dezakegun beste printzipio bat.

Hirugarren. Abertzaletasuna burgesiaren xedeekin berdintzen denez gero, proletargoak mugimendu abertzaleekin egingo dituen konponketa guztiak, politika mailan noski, beti taktikoak izango dira.

Proletargoak erabaki behar du abertzaletasuna nun-noiz zaion herraminta egoki eta nun-noiz desegoki.